BILBO, 26 (EUROPA PRESS)
Alvaro Rabellik zuzendutako "Egungo euskal ipuingintzaren historia" liburua aurkeztuko dute astelehen honetan, otsailaren 27an, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Bizkaia Aretoan, Bilbon. Genero honen gaineko 21 artikulu-sorta biltzen ditu lanak, eta azken hamarkadetan izan diren obra esanguratsuenak aztertzen ditu, EHUko iturriek jakinarazi dutenez.
EHUren Euskal Literatura Saila bildumaren zortzigarren zenbaki hau bi atal nagusitan dago banatuta. Batetik, sarrera luze bat dago, non, euskal ipuingintza garaikidea zertan den azaltzeaz gain, ipuin generoari eskaintzen zaion arreta berebizikoa. Euskal ipuingintzaren garapena ere jasotzen du lehen atalak, hasieratik gaur arte, eta ipuin teoriak genero berezi honetaz esandakoak. Bestetik, bigarren atalean, 21 ipuin-libururen gaineko artikulu sorta biltzen ditu lanak.
Besteak beste, Joseba Sarrionandia, Bernardo Atxaga, Anjel Lertxundi, Arantxa Iturbe, Iban Zaldua eta Jokin Muñozek azken hamarkadetan idatzitako ipuinak ditu aztergai aleak. "Liburu honek mugarria izan nahi du euskal narratiba laburraren ezagutzan eta ikerketan, ez baita gure artean izan genero hau hain zabal jorratu duen bestelako lanik", dio Rabellik.
Aurkezpenean izango dira Gidor Bilbao EHUko Euskara errektoreordea, Jon Kortazar Euskal Literatura Saila bildumaren zuzendaria eta Alvaro Rabelli "Egungo euskal ipuingintzaren historia" alearen egilea.


Todavía no hay comentarios